miércoles, 20 de febrero de 2013

NIRE LOGELA


NIRE LOGELA

Beste askorena bezalakoa eta era berean bakarra. Gauaren bakardadean nirekin datorrena eta nire ametsen sekretuen lekuko dena.
Logelan sartuta eskuinaldean nire ohea dago, laranja kolorekoa, gelari argitasuna et berotasuna ematen diona. Leihoaren aurrean kokatuta dago. Nire gelan eguzkiaren eta ohearen laranjak nahasten dira eta gela osoan zehar sakabanatzen.
Ezkerraldean berriz, apalategi bat. Ikas lanerako hainbat trasturen begirale eta zaindari. Honen gainean argazki bat, hainbat lagunen argazkia. Honen aurrealdeko paretan beste hainbat argazki, logelari nolabaiteko nortasuna ematen.
Logelaren amaieran ikasmahaia, ordu luzeko ikas saioetan nirekin datorrena. Urte bakar batentzako logela da hau, baina hala ere ezin da ezeztatu nirea dela logela eta nire esentzia daramala.

sábado, 9 de febrero de 2013

DIKOTOMIA


DIKOTOMIA
Dikotomia bat zerbaiten bi estremoak adierazten ditu. Pentsamendu dikotomikoa oso ohikoa da gure gizartean, beti gaude pentsatzen modu honetan; ekintza bat egiterakoan zer dagoen ondo eta zer gaizki aztertzen, nonbaitera joaterakoan ea gertu edo urrun dagoen etab.

Kasu honetan nik aztertutako dikotomia triste eta pozik sentsazioetan mugatzen da. Baina horiek al dira sentitzen ditugun sentsazio bakarrak? Ez dut uste.

Milaka sentsazio desberdin izan ditzakegu batera, pozik egon gaitezke eta era berean triste egon. Adibidez, eguberrietan, pozik egon gaitezke familiarekin ospatzen ari ditugulako baina triste ere sentitu gurekin ez dauden pertsonen falta inoiz baino gehiago somatzen dugulako.

Gainera, bi sentsazio hauetaz aparte beste asko ere izaten ditugu. Esaterako urduritasuna, intriga, nekea,  harridura…

Nire maketatxoan “neutroa” izango litzakeen sentsazioa jarri dut erdian. Baina nire galdera da, izan daiteke sentsazio neutro bat izatea edo hobeto esanda, izan daiteke ezer ez sentitzea? Erantzuna argia da niretzat: Ez! Beti gaude zerbait sentitzen, horretaz ohartu ala ez berdin du, gauza da ezin dugula ezer sentitu gabe bizi.

Beraz, saiatu behar gara pentsamendu binario hauek alde batera uzten eta gure pentsatzeko era zabaltzen ikuspuntu ezberdinak izateko eta hauek ulertzen eta barneratzen saiatzeko.